célula madre

1. Biol.
sin. célula indiferenciada

Zelula diferentziatu gabea, behin eta berriz zatituz etengabe ugaltzeko eta, aldi berean, kondizio jakin batzuetan, zelula-leinu diferentziatuak sortzeko gai dena.

Erdiko urdin koloreko zelulen multzoa giza zelula ama enbrionarioen kolonia dugu. Garapenaren hasierako etapetan sortutako zelula horiek gai dira diferentziatu eta gorputzeko 220 zelula-motetako edozein emateko, eta oinarrizko ikerketan zein balizko terapietan erabiltzeko zelulak sorraraz ditzakete
Erdiko urdin koloreko zelulen multzoa giza zelula ama enbrionarioen kolonia dugu. Garapenaren hasierako etapetan sortutako zelula horiek gai dira diferentziatu eta gorputzeko 220 zelula-motetako edozein ...

1. Biol.
Zelula diferentziatu gabea, behin eta berriz zatituz etengabe ugaltzeko eta, aldi berean, kondizio jakin batzuetan, zelula-leinu diferentziatuak sortzeko gai dena.

Zelula ama Edit

Egilea: Ionan Marigomez

ZELULA AMA

Zelula eukariotikoak, jatorriz aske bizi ziren banakako izakiak izanak, izaki zelulaniztunen partaide espezializatu bilakatuz joan dira eboluzioan zehar. Ondorioz, modu independentean bizitzeko ezinbestekoak ziren ezaugarriak galdu eta izaki zelulaniztuna bere osotasunean bizirik mantentzeko derrigorrezko ezaugarri berriak eskuratuz joan ziren. Izaki zelulaniztuna osatzen duten zelulak, nahiz eta genoma bera partekatu, elkarren artean arras desberdinak diren zelula-motetan taldeka daitezke (adibidez, hepatozitoa, keratinozitoa...). Esaterako, gizakiaren gorputza osatzen duten milioika zelulen artean, gutxi gorabehera 210 zelula-mota identifikatu dira. Zelula-mota horiek dozenaka ehun desberdin itxuratzeko elkarlanari ekiten diote. Espezializazioak ugaritzeko gaitasuna galtzea ekarri zuen. Bestalde, zelulek biziraupen mugatua dute (sarritan egunetakoa baino ez), eta ehunek, ordea, askoz gehiago diraute (hainbat urte ere bai). Ondorioz, ehunak berriztatu ahal izateko, zelula-mota bakoitzaren ale berriak etengabe sortu beharra dago. Zenbait ehunek, larruazalak kasu, zelulen ordezkatze-tasa altua dute; beste zenbaitek, ordea, gibelak kasu, berriztatze geldoagoa dute, eta bizkortzeko beharra izatekotan (adibidez, lesioak konpontzeko) moldaera bereziak erakuts ditzakete.

1963.ean, J.E. Till eta E.A. McCulloch ikerlari kanadarrek saguen hezur-muinean odoleko zelula-mota desberdinak sortzeko gai ziren zelulak aurkitu zituzten, eta A. Maksimov errusiarrak 1908.ean asmatutako stem cell izenaz bataiatu zituzten. Gerora, stem cell delakoari zenbait izen eman zaizkie; hizkuntza bakoitzean izen bat hartu du; esaterako, zelula anduiak frantsesez, zelula enborrak portugesez, zelula estamineak italieraz edo zelula amak gazteleraz zein euskaraz. Stem hitza ez da era berean itzuli, baina ordain guztiek ideia bakarra azaldu nahi dute, zelula-mota baten leinuaren iturria den zelula izatearena, hain zuzen. Gerora, zelula amen presentzia beste ehun batzuetan ere frogatu da: epidermisean, muskuluan, gibelean, burmuinean eta abarretan. Are gehiago, ugaztunetan, esaterako, zelula amen bi kategoria bereizi dira: batetik, blastozisto (enbrioi goiztiarra) barneko zelula-masako zelula ama enbrionarioena eta, bestetik, ehun helduetan dauden zelula ama helduena. Zelula ama enbrionarioak enbrioi-ehun espezializatu guztiak sortzeko desberdindu daitezke. Zelula ama helduen artean, bere aldetik, bi mota bereiz daitezke: batetik, ehun helduen zelulak berriztatuz organoen etengabeko birsortzea zein euren lesioak konpontzea helburu duten zelula ama somatikoak; bestetik, gametoak sortuko dituzten hozi-zelula amak.

Zelula amak guztiz desberdindu gabeko zelulak dira. Desberdindu gabeko estatusari eutsiz, zatitzeko gaitasuna mugarik gabe manten dezakete. Zatitzeko gaitasuna dugu, hain zuzen, zelula amak identifikatzeko baliabiderik erabiliena; fluxu-zitometria, nukleotido analogoen “pultsu-eta-ehiza”, immunohistokimika edo geneen adierazpenaren azterketa molekularra dira, besteak beste, horretarako teknikak. Teknika horien oinarri da zatiketa zelularraren ezaugarri morfologikoak (adibidez, kromosomen kondentsatzea) edo beren kontrolean diharduten proteina eraentzaileen zein proteina horiek kodetzen dituzten geneen azterketa.

Zelula zatitu ostean, zelula ume sortuberri bakoitzak bi aukera ditu: zelula ama izaten jarraitu edo, bestela, espezializaziorako desberdintzapen-bidea bukaeraraino eraman eta, zelula-mota baten egoera heldua erdietsiz, zelula ama izateari utzi. Zelula amek, oro har, zatiketa-tasa baxua dute. Izatez, gehien zatitzen diren zelulak zelula anplifikatzaile iragankorrak edo TAC (transit amplifying cell) deitutakoak dira. TAC zelulek, diferentziatzen hasi baino lehen, hainbat zatiketa-ziklo erdiets ditzakete. Beraz, TAC zelulen kopurua altua denean, ehunek berriztatze-gaitasun handia dute, zelula amak urriak izan arren. Zelula amak eta TAC zelulak toki berezietan daude kokaturik, eta haien patua gidatzen duen mikroingurumenari zelula amen txoko deritzo. Zelulen arteko elkarrekintzak, zenbait molekularen (adibidez, atxikipen-molekulak, hazkuntza-faktoreak, zitokinak, etab.) eta zelula amen arteko elkarrekintzak eta txokoko propietate fisiko-kimikoak (adibidez, pH-a, ioi-indarra) hartzen ditu barne txokoak. Txokoaren ezaugarri horien aldaketek zelula amen gene-adierazpena aldaraz dezakete, ehunaren beharren arabera egoera kieszentean jarraitzeko, ugaritzeko edo desberdintzeko aginduak zelula amei emanez.

Zelula-mota ezberdinak sortzeko zelula amek duten gaitasunari potentzialitate deritzo. Ehun-berriztapenean diharduten zelula ama gehienek zelula-mota diferentziatu bakarra produzitzen dute (unipotentzialitatea). Zenbait ehunetan, aldiz, zelula ama batek elkarren ahaideak diren zelula-mota ezberdinak sor ditzake (multipotentzialitatea). Bestalde, zelula ama enbrionarioak kasik gorputzeko zelula-mota guztiak sortzeko gai dira (pluripotentzialitatea). Egun, zilbor-hesteko odoletik edo hezur-muinetik erauzitako zelula ama heldu multipotenteak hasi dira jada erabiltzen eguneroko terapia medikoan, leuzemia tratatzeko hezur-muinaren transplantean, kasu. Halaber, zelula-kulturez baliatuz zelula ama horiek hazi eta, beren txokoaren manipulazio esperimentalaren bidez, muskulu- edo nerbio-ehunen moduko ehunetako zelula oso espezializatu bihur daitezke, transplanteetan, farmakoak produzitzeko edo gene-terapian erabili ahal izateko. Etorkizun hurbilean, minbizia, Parkinsonen gaixotasuna, bizkar-muinaren lesioak, esklerosi anizkoitza eta horien moduko gaixotasun larriak sendatzeko aplika litezke, hainbat ikerlariren aburuz. Hala ere, zelula amen aplikazio medikoek errezelo etikoen muga dute, eta, beraz, terapia horietaz baliatu ahal izateko oraindik ere luze joko du segur aski.

grafikoak1

Erdiko urdin koloreko zelulen multzoa giza zelula ama enbrionarioen kolonia dugu. Garapenaren hasierako etapetan sortutako zelula horiek gai dira diferentziatu eta gorputzeko 220 zelula-motetako edozein emateko, eta oinarrizko ikerketan zein balizko terapietan erabiltzeko zelulak sorraraz ditzakete (iturria: NIGMS − National Institute of General Medical Sciences. Clay Glennon, University of Wisconsin-Madison)